XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Burezurra umontzi zuloan barnebildua zuen Nikolaxak.

- Banekien gorrotatzen ninduzula - hasi zitzaion Kaxildari hizketan -, baina hori ni haurdun nengoen egunetan egiaztatu ahal izan nuen batez ere.

Irribarrezko antsiaz begiratzen zenuen nire umontzira, baina gero, begiak altxatzen zenizkidanean irribarrea mesprezu bilakatzen zen.

Nikolaxak bere sabelaren haragizko enborretik bi adar luzatzen nabaritu zuen.

- Biritxiak dauzkat - esan zion Kaxildari.

Kaxildak sabelaren kontra jarri zuen sudurra.

- Ez - ihardetsi zion lehorki -, bakarra duzu eta Robustiano eta Bonifazioren antzekoa.

- Ez nizun sinetsi - ihardetsi zion Nikolaxak katabutetik -, zuk usaindu baina nik sentitu egiten bait nituen.

Eta pozez lehertzear nengoen.

Barruan neramatzan biritxiekin lehenbailehen hitzegitea, hori bakarrik gutiziatzen nuen.

Nikolaxak erditzea noiz tokatzen zitzaion kalkulatu zuen.

- Zertarako jakin nahi duzu?- galdegin zion Kaxildak.

- Oilanden lehenengo arraultzetxoa eman nahi diet azkar hitzegiten ikas dezaten.

Bi oilanda behar ditut ordurako.

Kaxilda ez zegoen prest amore emateko.

- Bakarra datorrela eta batekin ere nahikoa izango duzu.

Gainera beste gauza esan behar dizut: etxe honetakoak, bai Robustianok eta baita Bonifaziok ere hiru urterekin hasi ziren hizketan.

Familia honetakoak, kaletarrak ez izanez gain, buztinezkoa dugu mihia eta kosta egiten zaigu askatzea.

- Berdin da, Kaxilda - ihardetsi zion, berean, Nikolaxak -, hauek denbora erdian ikasiko dute hizketan.

Eta ongi egin zituen kalkuloak Nikolaxak.

Zegokion mementuan oilo errulea bi arraultzen gainean jarri zuen.

Ilbehera zen eta arraultze biribil eta luzangen artean biribilenak aukeratu zituen oilandak jaio zitezen.

Gero, arraultzeak ostotsetaz babestuarren, ikatzez gurutzetxo bana marraztu zituen arraultze bakoitzean.

- Jonasek gorde dagiala - esan zion azkenik oilo erruleari.

Bi bira egin zituen Kaxildak hilkutxaren aurrean hizketan hasi baino lehen:.